Ockhi zikloia – Kerala
Larrialdia Keralan
Egun arrunta zen abenduaren 2a. Goizaldean milaka arrantzalek txalupak prestatu eta 4-6 laguneko taldetxoetan bildu ziren, txalupetan hondartzaren ertzetik abiatzeko. Hondartzan bertan dituzte familiak, etxetxoetan.
Gaueroko legez etxetik atera eta arrantza egitera joatean, seme-alaba gazteenak lo zeuden oraindik; emazteek, berriz, dagoeneko prestatuta utzi zieten jateko mokadutxo bat.
Ez zekiten zetorrena: zikloi “oso larria” zetorren bidean, eta, gehienak, 900 inguru, ez ziren itzuli etxera.
Keralako kostaldea herrixka txikiz betea dago, eta jarduera ekonomiko nagusiena arrantza tradizionala da. Calcuta Ondoan-ek 14 urte baino gehiago daramatzgua lanean Trivandrum Social Service Society eta Sakhi tokiko erakundeekin; aurreko urtean SISP erakundearekin ere hasi ginen.
Arrantza tradizionala txalupa txikiekin egiten da, 4-6 lagunekin. Askotan arrantzaleak senideak direnez, familia asko senide bat, bi, hiru edo lau gabe geratu ziren zikloiarengatik.
Familiek jasandako kolpea erabat bortitza izan zen; etxeak suntsitzeaz gain, emakume askori senarra edo semea hil zaie. Are, gorpuak ezin berreskuratzeak familien dolua zailtzen du, eta ezin dute jaso gobernuaren laguntza ekonomikorik pertsona ezin bada hiltzat jo.
Calcuta Ondoan-en diru-bilketa bat antolatu zen ekimenerako, eta 2.000 euro bildu ziren. SISP erakundera bidali ziren zuzenean, dagoeneko lan egiten zuten eremu horretan kaltetutako familiei laguntzeko.
Elkarlanean aritzen garen Indiako erakundeen kezka nagusiena da arrantzaleen alargunek biziko duten egoera zaurgarria. Ez dute jasoko gobernuaren laguntzarik heriotza modu ofizialean erregistratu arte, eta urteak pasa daitezke hori lortu arte. Pobreziarengatik zituzten bizi-baldintzak baziren eskasak, baina orain, senarra edota seme helduenak ondoan izan gabe eta arrantzan ibiltzeko tresna guztiak galduta, miseria eta desesperazioa saihestezinak dira.