Informatika Emakumeentzat
Calcuta Ondoan-ek martxan jarri ditu sarbide irekiko 5 informatika-zentro Udayani Social Action Forum tokiko erakundearekin. Zentroak mendebaldeko Bengalako komunitateetako edozein gazterentzat dira.
Zentroek informatikako doako ikastaroak eskaintzen dituzte neska-mutilentzat, baina familiekin bereziki lantzen da neskak ikastaroetara joatea, orokorrean mutilen hezkuntzaren aldeko apustua egiten dute eta.
Ondorioz, nahastutako taldeetan ikastaroak emateaz gain, neskentzako soilik diren ikastaroak eskaintzen dira. Ikastaroak emakumeen elkarteetan eta federazioetan eskaintzen dira.
Zentroak mendebaldeko Bengalako hiri hauetan daude: Kalna, Pandua, Gurap, Bankura eta Jhantipahari.
Prestakuntza ikastaroetan parte hartzen duten gazte gehienak santal tribuen kideak dira (Indiako tribu aborigenetako bat). Komunitate horiek oso pobreak dira eta gizarteak zokoratu egin ditu. Are gehiago, tribu horiek ez dira Bengalakoak, iparraldeko estatuetakoak baizik. Ondorioz, emigratzaileak dira: lurrik gabe, beste kultura eta hizkuntza batekin. Horrek nabarmen zailtzen du egokitzea eta lanpostuak lortzea. Lortzen dituzten lanpostuak gaizki ordainduta daude, inguruko lurdunen zelaietan nekazari edo peoi eraikuntza lanetan.
Badira urteak Udayani Social Action Forum erakundeak lan egiten duela komunitate horiekin emakumeak hezten eta ahalduntzen.
Neskei eta emakume gazteei informatika irakastea sekulako erronka da haientzat, eta aukera bikaina da familiei eta komunitateei erakusteko gaitasuna dutela ordenagailuak erabiltzeko. Bereziki garrantzitsua da hori gaur egun, hain markatuta dauden genero rolak dituen gizartean.
Zentroek ziurtagiri ofizialak ematen dituztenez, soldata eta ospe hobea duten beste ikastaro edo lanpostuetarako sarbidea errazten da.