Garapen Lankidetzarako Proiektuak
Butango gazteen ahalduntzea, etorkizuneko lider erresiliente gisa
LEKUA: Butan | Trashi Yangtse (ekialdea), Samtse (hego-mendebaldea) eta Paro (mendebaldea), eta ekitaldi nazional bat Thimphun.
BERTOKO BAZKIDEA: Gross National Happiness Centre Bhutan (GNHCB)
ONURADUN ZUZENAK: 316 pertsona.

Proiektu honen bidez, Butango gazteen erresilientzia psikosoziala, pentsamendu kritikoa eta herritar-partaidetza indartzeko lan egiten da, globalizazio bizkorraren, sare sozialen gainezkatzearen eta balio tradizionalen galera mailakatuaren testuinguruan.
Gross National Happiness Centre Bhutan erakundeak, gazteen lidergoan eta nekazaritza ekologikoan aditua denak, Barne Zoriontasun Gordinean (BZG) oinarritutako Balioen eta Sentsibilizazioaren Programa garatzen du. Filosofia horrek Butango garapena gidatzen du, eta pertsonen ongizatea, kultura eta ingurumena hazkunde ekonomikoaren aurretik jartzen ditu.
Proiektua oso testuinguru desberdinetako hiru ikastetxetan gauzatzen da. Baylling Central School ipar-ekialdeko landa-eremu isolatu batean dago, Bumdelingo Basa Bizitzaren Santutegiaren ondoan. Samtse College of Education Indiarekiko mugako merkataritza-gune batean dago. Paro College of Education nazioarteko turismoari gehien irekitako haranean dago.
Ikastetxe bakoitzean, komunikabideen alfabetatzeari eta BZGren balioei buruzko tailer esperientzialak egiten dira, ikasleei eta erreferentziazko irakasleei zuzenduak. Tailerretan sare sozialak modu kritikoan aztertzen, antsietatea sortzen duten mekanismoak ezagutzen eta ongizate emozionalerako arreta osoko teknikak lantzen ikasten da. BZGren bederatzi eremuak ere aplikatzen dira norberaren komunitateko arazoei aurre egiteko.
Metodologia parte-hartzaileekin lan egiten da, hala nola rol-jokoekin, kasu-azterketekin eta ikasleek tokiko arazoei irtenbideak proposatzeko guneekin. Aldi berean, adinekoekin belaunaldien arteko topaketak sustatzen dira, jakinduria eta balio tradizionalak transmititzeko.
Gazteen partaidetza indartzen da ikasleek eurek kudeatutako BZG Gazte Klubak sortuz. Klub horiek ikastetxe bakoitzean lanari jarraipena emango diote proiektua amaitu ondoren.
Prozesua abuztuaren 12an amaituko da, Thimphun, Gazteriaren Nazioarteko Egunaren harira egingo den foro nazional batekin, “Jakinduriaren Zubiak” lelopean. Bertan, hiru eskualdeetako gazteek komunitatearen eta ingurumenaren aldeko ekintza-proposamenak aurkeztuko dizkiete Hezkuntza Ministerioari, gizarte zibileko erakundeei, NBGPri eta komunikabideei.
Oro har, proiektuak lagunduko du Butango gazteak pertsonak, kultura eta Natura zaintzen dituen garapen baten protagonista izan daitezen.
Azken proiektuak
Bhutanen GIBa desagerrarazteko sentsibilizazio eta hezkuntza kanpainak
Bhutanek aurrerapen goraipagarriak egin ditu hiesa desagerrarazteko mundu mailako helbururantz; hala ere, GIB bidezko infekzio berriek…
Erakunde, familia eta komunitate mailako indartze integralerako proiektua
Proiektu honen bidez, emakumeen, haurren eta nerabeen ahalduntzerako komunitate-jarduerak indartu nahi dira…
Agroekologia eta kooperatibismoa ahalduntze pertsonal eta komunitariorako bide gisa
Elikagaien ekoizpen agroekologikoa eta hazi bankua, Flor de Laburo emakumeen kooperatibaren bitartez Argentinan…
- 1
- 2
- 3
- Hurrengoa »









