Hazien Bankuak eta Bioaniztasuna

Agroekologiarako proposamenak Mendebaldeko Bengalan eta Orishan (India)

Calcuta Ondoan GGKEak Navdanya babesten du, Vandana Shivak sortutako fundazioa 2016tik.

Gure 2015-2019 plan estrategikoaren arabera, landu beharreko ildo nagusietako bat da ekofeminismoaren aldeko gure apustua:

Ekofeminismoa:

Emakume eta naturaren harremanetik sortzen den filosofia eta praktika feminista. Pentsaera honen arabera, gure sistema “sortu, eratu eta mantendu da emakumeak gizonen menpe egonda eta ustez atzerritarrak diren herrialdeak eta natura kolonizatuta; lehenetsi egin zaio mozkinak ateratzea bizitzari” (Mix Y. Herrero.)

Proiektu honetan nekazariekin egiten da lan, emakumeekin batez ere, produkzio agroekologikoa ezartzeko hazien bankuen, kultura indigena babestearen eta nekazaritza agroekologikoaren eraginaren ikerketen bidez.

Navdanyak 120 hazien banku baino gehiago ditu Indian zehar.

Calcuta Ondoan-ek abiarazi duen proiektu berriak hazien banku bat sortu du Mendebaldeko Bengalan. Hazien bankuen bidez, hazi organikoak sustatzen, babesten, kontserbatzen eta banatzen dira, eta produzitzaileen eta kontsumitzaileen arteko harremana sortzen da. Era berean, emakumeentzako erakundeentzat merkatuak sortzen dira eta tokiko gobernuak bultzatzen ditu komunitateen ELIKAGAIEN SEGURTASUNA ETA SUBIRANOTASUNA babes eta susta dezaten.

Haziak berreskuratzeari eta nekazaritza ekologikoaren itzulerari esker, nekazariak askatzen dira transgenikoen kostuez; ez badira ernetzen, nekazariak etekin gutxiagoko haziak erosi behar ditu eta ongarri kimiko gehiago erabili. Azken horrek lurrak lehortzea dakar.

Hazi indigena onenak, elikagarriak eta klimarekiko erresilientziarekin, kontserbatzen eta biderkatzen dira hazien produzitzaileen bidez, landareak hobetzeko ikuspuntu parte hartzailearekin.

Bankuan dauden haziek bete egiten dituzte ezaugarri hauek: tokiko barietateak izatea, tokiko klimarekiko erresilientziarekin eta maila elikagarri handiarekin.

Proiektuan 100 nekazarik hartzen dute parte, % 50 emakumeak, laborantza biologikoa berreskuratzen laguntzeko. Horrela, antzinako teknikak berreskuratu dira plagak kontrolatzeko eta laborantza hobetzeko.

Era berean, proiektua zenbait eskoletan ezarri da baratza organikoen bidez, zentroetako jangelentzako elikagaiak lortzeko eta ikasleak sentsibilizatzeko nekazaritza organikoaren onuren inguruan.

Vandana Shiva doktoreak Indiako eta atzerriko gobernuak aholkatzen egin du lan. Time aldizkariak ingurumenaren “heroitzat” hartu zuen 2003an, eta Asia Week aldizkariak Asiako bost komunikatzaile boteretsuenen zerrendan jarri zuen.

Hazien Bankuen Funtzionamendua

Nekazariek doan eman dezakete izena bankuan; nekazariaren eta bere laborantzaren oinarrizko datuak jasotzen dira. Hortik aurrera, bankutik haziak har ditzake maileguan, baina ez du dirurik erabiliko, haziak baizik. Hau da, itzuli beharrekoa zenbateko jakin bat izango da, hartutako haziaren arabera. Ohiko itzulketa araua % 50 da (kilo erdia hartzen bada, kilo bat itzuli beharko da). Bankuari edo beste nekazari bati haziak ematea adosten da.

Itzulketa norberak izandako uztaren araberakoa izango da; uzta txarra izan bada, ez zaio eskatuko itzulketarik. Aurkako kasuan, berriz, uzta oso ona izan denez hazi asko baditu, itzulketa adostutakoa baino handiagoa izan daiteke. Kontserbaziorako bildutako haziak biltzean, kalitatea mantentzen duten prozesuak erabilita biltzea eskatzen da. Ezaugarri oneneko haziak aukeratzeko (arrozaren kasuan, esaterako, landare altuenen haziak) edo hobetzeko (tomatearen hazia urarekin garbitzea komeni da landatu baino lehen) teknikak daude barietatearen arabera.

Horrela, nekazariak ez du karga ekonomikorik, lurren produkzioa eta kalitatea hobetzen da eta hazien bankuak dituen haziak biderkatzen ditu. Hazien stocka etengabe aldatzen joango da, biltegiratutako haziak denbora luzez bertan ez egoteko eta dituzten ezaugarriak ez galtzeko.

Navdanyaren ikuspegia lurreko demokrazian oinarritzen da: pertsona eta espezie ororen partaidetza denon ongizatean.

Lurreko demokraziaren printzipioan

  • Espezie, herri eta kultura guztiek dute berezko balioa
  • Lurreko komunitatea bizi guztirako demokrazia bat da
  • Natura eta kulturan dagoen aniztasuna defendatu behar da
  • Izaki guztiek dute mantenurako eskubide naturala
  • Lurreko demokrazia ekonomia bizietan eta demokrazia ekonomikoan oinarritzen da
  • Ekonomia biziak tokiko ekonomietan oinarritzen dira
  • Lurreko ekonomia demokrazia bizia da
  • Lurreko ekonomia kultura bizietan oinarritzen da
  • Kultura biziak biziaren elikagai dira
  • Lurreko ekonomiak bakea, zaintza eta errukia zabaltzen ditu

Vandana Shiva doktorea

Proiektuen argazkiak